Valparaiso, Txile

BIZI
     Bizitza bizi behar dela diote, baina askotan ez gara bizi garenaz jabetzen. Momentua bizi, sentitu, aprobetxatu... egin behar omen da, baina askotan denborak eta inguruak mugatzen gaitu. Norberak norbere modura bizi behar omen du, baina bakoitzaren modu hau mugatzen duten hainbat faktore aurkitzen ditugu egunerokotasunean.
    Ez dago bizitzeko beharrezko eredurik teorikoki, baina praktikan arau batzuen menpe bizi gara, bertan gure inguruko jendeak, kulturak, politikak... mugatzen edo lotzen gaituelarik, gainera bakoitzak bere bizitza gidatzeko tresnak eta bertan ematen dituen pausuak finkatuta aurkitzen ditu askotan.
    Erraza da, bakoitzak bere modura bere burua ezagutu behar du, nahi duenaz jabetu, alboan behar dituenak mantendu eta bizirik dagoela sentitu. Norbait garela jabetu, geure nortasuna zabaldu, erabakiak hartu, pentsatu, inposaketak kritikatu, baieztapenak zalantzan jarri, teoria eta pentsamendu berriak eraiki, ingurua ezagutu, mugak apurtu... manipulazioa sahiestu. 
    Bizitza bizitzen ikasteko lehen urratsa geure burua ezagutzea da, gizarteratuta sentitzea, gizartearen parte garela jabetzea, bizi garela oroitzea. Sentitu zeure burua, jabetu bizitzaz, eta ondoren bizi. 
 
GERTUTASUNA, MAGIA
    Maite dut komunikazioa, maite dut jende desberdinarekin harremanak sortzea, jendearekin lotzea. Maite dut pertsona bakoitza ezagutzea, begiratzea. Gaur egun komunikaziorako erabiltzen dugun tresna bakarra hizkuntza da; modu idatzian, irakurriz edo hitz eginez komunikatzen garelarik, eta non dago kontaktua, kontaktu fisikoa? 
    Hitz egin gabe komunikatzearen magia, xarma, albo batera uzten dugu gizakiak garela ahaztuz. Gorputza, eskua, sorbalda, besoa, musua... ukituz, hitz egin gabe hitz egin dut. Hitz egin gabe ezagutu dut. Hitz egin gabe geure arteko konfiantza igarri dut. 
    Hitz egiteari garrantzia gehitzen diogu, askotan pertsona hitz egin gabe ezagutu dezakegulaz ohartu gabe. Gaurkoan gertutasunaren magia sentitu dut, gertutasunak dakarren xarma, konfiantza... sentitu dudalako. 
    Askotan hitzek indar handia hartzen dutelako, askotan hitzek ezer esaten ez dutelako, askotan hitzak helbururik gabe botatzen ditugulako, askotan hitzak sobran daudelako. Gertutasunaren magiak txundituta utzi nauelako, hitz egin gabe lotura indartsuak sor daitezkeelako. Besterik gabe, IRRI MAGIKO bat hitz egin gabe lortzen den GERTUTASUNARI!



ENERGIA
   Klasera sartu eta begiraden jomuga izan ginen, irakasleak eginiko aurkezpen deserosoan. Hitz ugari esan nahi baina hizkuntzak eta ezezagunek ezartzen zuten muga ikustezina. Haseratik irakasleak klasean eroso sentiarazi nahi gintuen, gu gainontzeko ikaskideengana gerturatzea zen bere helburua.
    Gorputza askatu, konfiantza indartu eta lotsa alde batera uztea helburu zuten ariketak landu genituen, norberak norbere burua gehiago ezagutzera eraman gintuen arte, erlaxazio ariketa batekin amaituz.
    Ordu eta erdian ia hitz egin gabe jendea ezagutzera iritsi nintzen, batzuk nire konfiantza irabaztera heltzera iritsi zirelarik. Klasea amaitu eta hausnarketa garaia, hitzik esan gabe, besarkada batez klasean lortutako energia positiboa eskertzeko beharra izan nuen. Inoiz gertatu ez zaidana, besarkada batek duen indarraz ohartu nintzen, nire gorputza energia positiboz beterik zegoen, inguruan ezezagunak nituen eta nire burua gehiago ezagutzen nuen, ezezagunekin konfiantza hartzea lortu nuen, gorputzak helarazten duen adoreaz jabetu nintzen, hitz egin gabe loturak egin nituen, gauzak zein ongi egin daitezkeen ohartu nintzen.
    Ez ote dugu gure gorputzak eskaintzen duen komunikaziorako ahalmena ongi erabiltzen? Ez ote dugu gorputza ezagutzen? Ez ote dugu gorputza gutxiesten? Ez ote dugu gorputzaren energia ezagutzen? 
    ENERGIA askatzean naturalki IRRIA ateratzen delako. 




KONFIANTZA
    Ezezagunez inguraturiko lurralde batek, ezezagunak lagun egin beharra dakar. Gainontzeko pertsonekiko ezagutza ez edukitze horrek askotan deskonfiantza dakar, baina kasu honetan alderantzizkoa gertatu da. Nire begiekin ikusi dut beste begiek esleitzen duten laguntasuna, aurretik nekartzan pentsamenduak egiaztatu ditut eta praktikan jarri dut ezezagunak ez direla deskonfiantzaren parekide. 
    Hogei eguneko egonaldian jada nire konfiantzaren zati bat eman diezaiekedan pertsonak ezagutu ditut, euren konfiantza pertsona ezezagunen artean banatzen duen jendea, jende ona. 
    Askotan ahaztu egiten zaigu konfiantzak duen indarra, ematen duen lasaitasuna, laguntasuna, askatasuna... eta jendearengan gure konfiantza jarri beharrean kendu egiten dugu, honela norbanakoari bere nortasuna mugatzera iritsiz. 
    Nik nire konfiantza IRRI eginez adieraziko dut, eta zuk? 

HANDITASUNA
    Aske sentitzearen lasaitasuna, konfidantzak ematen duen segurtasuna, bihotz alaia izatearen zoriontasuna, pertsona izaki bezala hartzearen ontasuna, eskerrak ematearen atsegintasuna, jendearen hurbiltasuna, lagun berrien poztasuna, herrialdearen nortasuna, txiki izatearen handitasuna.
    Bertako jendearen lasaitasuna, barre egitearen askatasuna, pertsonekiko arduraren berezitasuna, kaleko giroaren xarma berezia, kultura ugaritasuna, herriaren gizatasuna, ingurugiroaren bitxitasuna, kontuak eta istoriak kontatzeko nahaia, laguntzeko maitasuna, IRRIAK sortzen eta itzultzen dituen jendearen handitasuna. 

    

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina