Eguneroko gaiak

NAHIKOA DA
    Ez aspertzearren erositako aldizkariak asko haserrarazi nau. Banekien jada, gizartean emakumeen gorputzak hartzen duen papera normaletik haratagokoa dela, baina horrenbeste? eta gehiago!
    Nahikoa da gorputz argalak perfektu bezala hartzeaz, nahikoa da produktuaren aurretik irudia saltzeaz, nahikoa da emakume guztiak dietan jarri nahi izateaz, nahikoa da emakumeen gorputzaz barre egiteaz, nahikoa da zelulitisa duen oro kritikatzeaz, nahikoa da gorputz normalari gizenaren etiketa jartzeaz, nahikoa da konplexuz betetako gizarte bat sortu nahi izateaz, nahikoa da gizakia saltzeaz, nahikoa da irudia perfektu jartzeaz, nahikoa da naturala artifizial bihurtzeaz, nahikoa da errealitatea distortsionatzeaz, nahikoa da emakumeak irudiarekiko obsesionatzeaz, nahikoa da gorputzak kritikatzeaz, nahikoa da gizakia gaizto bihurtzeaz, nahikoa da janzteko era desberdinak zapaltzeaz, nahikoa da fisikoaz barre egin eta hau kritikatzeaz!
    Nazkatuta nago emakume denak berdinak izan behar garen errealitate honekin. Argaldu nahi duenak bera hobeto sentitzeko argaldu dezala, ez inork zapalduko duelako. Desberdin jantzi nahi duenak, hala egin dezala bere nortasuna adierazteko. Produktua saldu nahi duenak ez dezala emakumerik saldu. Emakumeak ez gaitzatela zapaldu! Nahikoa da 90 60 90 neurriak ez dituen orori barre egiteaz! Irri egiten diet gaur emakumeak gorputz huts bezala hartzen dituenari!

NORTASUNA
    Bakoitza pertsona modura definitzeko erabiltzen duguna, bakoitzak bere gustuko jarrerekin eraikitzen duena, guztiok desberdina duguna, gu geu izatera ahalbideratzen diguna, bakoitzak berea sortu eta izan behar duena, besteek geurea baldintzatu behar ez dutena, geurea gustuko izan behar duguna, eta guztiok elkarrena errespetatu behar duguna.
    Nortasunaren muina finkoa izanda ere, egunetik egunera hau eraikitzen jarraitzen dugu, eta geure nortasuna sortzen ari garen prozesuan inor mintzen ez badugu, inork ez du eskubiderik geurea zapaldu edota hau ez errespetatzeko. 
    Nortasun desberdinak ditugu, eta bakoitzak berea izan behar du, inor ez baita jaio berea ez den nortasun batekin bizitzeko. Ez dugu utzi behar gainontzekoek geure nortasuna etiketatu dezaten, eta ez dugu inor bere nortasunagatik etiketatu behar, bakoitzaren nortasunaren atzean hau honela izateko arrazoi desberdinak aurki ditzazkegulako.  
    Sortu zeure nortasuna, lagundu maite dituzunei haiena eraikitzen eta ez itzazu ezagutzen ez dituzunak epaitu. Egin irri nortasun desberdinei, guztiontzat aberasgarriak direlako gainontzekoen nortasunak, eta desberdina den guzti horretatik ikasten dugulako. Nire gaurko IRRIA munduan dauden NORTASUN DESBERDIN guztiei! 


     
AMA
    Inoiz esaten ez dizkizugun hitz guztiak, zugatik jaso ditugun errieta guztiak, zuk irakatsi diguzun guztia, lehortu dizkiguzun malko guztiak, sendatu dizkiguzun min guztiak, emandako besarkada eta muxu guztiak, zugatik jaso dugun babesak, momentu guztietan gure alboan izanak, zure ondoan pasatako momentu on eta txarrak, maite gaituzun guztiak, momentu guztietan behar genuena eskaintzeak, beharrezkoak ez diren eta beti jaso izan ditugun kapritxoak, inork baina gehiago maite izateak merezi duen maitasuna irabazten duzulako. Ama izatea oraindik ez dakit zer den, baina zuk bezain ongi egingo dudalakoan, nire esker, babes eta maitasunez beteriko IRRIA gaur zuretzat AMA! 

ETA ZER ?
    Eta zer gertatuko litzateke loti ederra printze urdinaren muxuarekin esnatuko ez balitz? Eta zer gertatuko litzateke printzesak printze urdinik nahiko ez balu? Eta zer gertatuko litzateke mari errauskinen zapata printzeak aurkituko ez balu? Eta igelak printze bihurtuko ez balira? Eta printzesei soinekoak janztea gustatuko ez balitzaie? Eta printzesak zoriontsu bizi izateko alboan inor beharko ez balu? Eta zer gertatuko litzateke printzesen ipuinak ongi amaituko ez balira? Ipuinek errealitatea islatuko luketela. 
    Inork ez du bere lehen muxuan maitasun amaigaberik aurkitu. Inor ez da gutxiago bikoterik ez duelako. Inork ez du zerbait aurkitzen saiatu ezean. Inor ez da perfektua perfekzioaren ideia subjektiboa delako. Bizitzako gustuak sexuaren araberakoak ez direlako. Zoriontasuna lortzeko lehenik geure barnean aurkitu behar dugulako. Istoria guztiak hasi eta amaitu egiten direlako. 
    Printzesa guztiak alboan printzea ez dutelako, printzesa guztiak arrosaz janzten ez direlako, printzesa guztiak argalak ez direlako, printzesa guztiak ausartak direlako, printzesak izateagatik ahulak ez direlako, printzesa guztiak printzesa izan nahi ez dutelako. 
    Galtzak janzten dituen, perfektua ez den, zoriontsu den eta egunero apaintzen ez den printzesa bat naiz, eta zer? IZAN PRINTZESA ZEURE ERARA, EGIN IRRI ZURE MODURA! 

    
LAGUNAK 
    Maitasunaren zeinu, konfiantzaren isla eta elkarbanatzearen adibide. 
    Maitasuna da lagunen arteko altxorretako bat, hauei esker baitakigu maitatzen, hauei esker jakin dugu besarkatzen, muxu ematen, faltan botatzen, miresten, itxaroten...
    Konfiantzaren isla zuzena lagunak; hitz egiten, entzuten, sentimenduak adierazten, kontatzen, arrazoitzen, sekretuak gordetzen, aholkuak ematen, ixiltasuna errespetatzen... irakatsi digutenak.
    Malkoak, irriak, haserreak, materialak, sentimenduak, egunak, lekuak, pozak, zoritxarrak, lotxak... txiki txikitatik hauekin elkarbanatu ditugulako. 
    MAITATU, ZAINDU, LAGUNDU eta ERRESPETA itzazu LAGUNAK IRRI BATEZ! 

LIBURUAK
    Ez naiz paperez osatutako liburuez ari, geure bizitza osatzen duten liburu ikustezin hoiez baizik. Etengabe geure errealitatearen liburua idazten ari gara geure barnean, bizitako momentu oro jada iraganean bilakatzen delako. Iragan bihurtzen den guzti hori geure liburuan idatzita geratzen da, eta geure esku dago idatziko dugun etorkizunari lekua egitea.
    Askotan ez dugu ongi jakiten hainbeste sentimendu eta bizipenez beteriko liburuekin zer egin, baina hurrengo orrialdera joateak ez badu aurreko mina baretzen hobe da liburu hori utzi eta berri bat idazten hastea. Liburu berri bat idazten hasteko gaurkoa bizi behar da, iragana ahaztu gabe albo batera utzi eta etorkizunean pentsatu gabe.
    Pausoak txikiak badira ere jarraitu zeure liburua idazten, ez gelditu. Libururik politenek ere negar malkoak eragiten dituztelako, libururik laburrenek ere kapitulu desberdinak dituztelako, eta zuk zeure liburu edo liburuak sor ditzazkezulako! IRRI EGIN ORRI ZURIAN IDAZTEKO ZEURE AUKERA ZABALARI! 


INSPIRAZIOA
  Joan eta etorri egiten delako, gehien behar dugun uneetan gure presioaren ondorioz gure albotik urruntzen delako eta gaur zerbait idatzi nahi eta idatzi nahieko hori zer den ez dakidalako.
    Inspiratuta egon nahiko nuke, baina dirudienez gaur albo batera utzi nau honek. Hala ere guztiz utzi ez nauela esango nuke, zer edo zer idazten ari naizelako. Inspirazioa geure barrutik zerbait egiteko ateratzen zaigun inpultsoa da, sormena. 
    Gaur nire barruko isiltasunari egingo diot kasu, eta hau errespetatuko dut. "Hau idazteko idatzi?" pentsatu dut une batean, baina ateratzen zaizkidan hitzak idazten ditudan moduan ateratzen ez zaizkidanak ere bertan islatu behar ditudala iruditu zait. Azken finean errealitatearen parte direlako, eta nahi edo ez nahi geure barruan ezkutatuta daudelako.
    Isilik geratuko naiz gaurkoan, geure barruan ditugun eta kanpora irten nahi ez duten ezkutuko hitz horiengatik. Nahi eta ezinagatik. Gaurkoan JAKINMINEZ BETERIKO IRRI BAT egitea besterik ez zait bururatzen! 

    
MARTXOAK 8
    Argal zein lodi, altu zein baxu, zuri zein beltz, ile horia izan zein ile beltza izan, indartsu zein ahul, bertako zein kanpoko, aberats zein txiro, bikotedun zein bikote gabe, handi zein txiki, bero zein hotz... Emakume guztien eguna gaur.
    Eta bihar zer? Gaur merezi dugun errespetua bihar behar dugulako, gaur jasotako irri eta besarkadak bihar ere behar ditugulako, gaur goizean bezala bihar ere indartsu izango garelako, gaurko berdintasuna bihar ere nahi dugulako eta gaur garen emakumeak bihar ere emakume izango garelako.
    Malko artean ito den horri, bere eskubideak gizonen eskubideak baino baxuagoak dituenari, autoak gidatzea gustatzen zaion horri, bere lagunekin mozkortzen den horri, arrosa kolorea gustatzen zaion horri, sexuaren menpe bizi denari, printzesa sentitzen den horri, abortatzeko eskubidea galdu duen horri, maiteminduta dagoenari, hitz lizunak entzun dituen horri, soinekoak janztea gustatzen zaion horri, berdintasunaren alde borrokatzen duen horri... Zoragarria, borrokalaria, maitagarria eta indartsua den munduko emakume orori, HAINBESTE MEREZITAKO IRRIA :) 

ERREALITATEA
    Errealitatea eta ni edota ni errealitatean. Norbanako bakoitzari gehiago edo gutxiago gustatzen zaigun errealitate baten partaide gara, eta honek finkatzen gaitu. Askotan bizitze hutsak errealitatearen partaide bilakatzen gaitu, gu geu nor garen ohartu gabe. 
    Gaur egungo errealitatea errealitate ezberdinetan sailkatzen da. Berdintasuna helburutzat duen errealitatea da geurea, baina berdintasun hau beldurren, jarreren eta estereotipoen atzean ezkutatzen da, errealitatera ateratzeko beldur delako. Pentsamendu askatasuna du oinarritzat, baina askatasun hau mugatzen duten eta pentsamendu hau manipulatzen saiatzen diren izaki, sare sozial edota komunikabidez osatzen da errealitatea. Natura zaindu nahi duen errealitatea da, baina dirua eta interes pertsonalak honen aurretik ezartzen ditu. Norbanako bakoitzak bere eskubideak ditu bertan, baina eskubide hauek askotan urratzen dira. 
    Errealitate arrotza da geurea, errealitatearen partaide aske izan beharrean errealitateak mugatzen duen partaideak gara. Azken finean, gizartean ezartzen eta ematen diren aldaketa eta jokabideek sortzen dute errealitatea, eta guk bertako partaide izaten jakin behar dugu. Honek ez du justifikatzen bakoitzak bere nortasuna eraiki behar ez duenik, alderantziz baizik. Errealitatea eta zu edota zu errealitatean? Errealitateak ez dezala zure nortasuna bideratu, ez dezala zure nortasuna eraiki eta ez dezala zure nortasuna finkatu. Gutako bakoitzak errealitate honetako partaide aktibo izan behar dugulako, norberak errealitatean zein leku hartzen duen jakin behar du, bakoitzaren nortasunaren arabera hau desberdina izanik. 
    ERRESPETUZ eta BERDINTASUNEZ eraikitako ERREALITATE baten ALDE gaurko nire IRRIA! :)

NORMALA
    Geure gizarteak balore batzuen arabera pertsonei ezarritako etiketa hori, guztiok nahi duguna. Normaltzat jotzeko gizartean modan dagoen itxura izan behar da janzterako orduan, bestalde leku bakoitzean jarrera egokia edo ongi ikusita dagoen jarrera horren araberako jokabidea izan behar da. Honez gain, pertsona normal honek gure gizartean ezarrita dauden hainbat ohitura eta errutina barneratu behar ditu, eta hauek jarraitu.
    Pertsona bakoitzak bere nortasunaren arabera, subjetiboki normalaren etiketa norbakako ezberdinei ezartzen die, honela "normal" aren kontzeptua edo etiketa hau zehaztu gabea da, eta izango da.
    Normala izate hau gure barruan dugun ideia bat besterik ez da, gizartearen partaide garela sentitzeko geure buruari jarri nahi dioguna. Baina errealitatean pertsona normal hau izatea ezinezkoa da. Nork ez du inoiz barre egin seriotasunez jokatu beharreko une batean? nork ez du inoiz bere buruaz barre egin? nork ez du inoiz esan esan behar ez zuen hori? nork ez du inoiz lehenengo pentsatutako hori bota? nork ez du inoiz ispiluaren aurrean erokeriarik egin? eta nork ez du inoiz esan "gu ez gara normalak" esaldia erokeria bat egin ostean?
    Normalaren etiketa ezarrita izatea aspergarria delako, egunerokoaren errutinak hautsi egin behar direlako, bizitzari erokeria puntu bat jarri behar zaiolako, irririk gabeko egunak egun galduak direlako, neutroa den hori aspergarria delako eta normaltasun hori deuseztatu egin behar dugulako! 
   Nire egunerokoan alboan ditudan neskatxek eta nik normaltasun hori erabat apurtzen dugulako, IRRI EGINGO DIOT NORMALAREN ETIKETARI!

BALIOA
    Ez naiz diruaz ari, geure buruari eta gainontzekoei ematen diogun balioaz baizik, baita bizitzen ditugun bizipen guztiei ematen diegunaz ere. Balioa entzutean dirua etortzen zaigu burura, baina nork ez dio balio handia jartzen barre asko egin duen arratsaldeari? nork ez dio balioa jarri inoiz bere inguruko pertsona bati? eta garrantzitsuena, nork ez dio inoiz bere buruari baliorik ezarri?
    Guztiok egin dugu inoiz horrelakorik, objetiboki edo subjetiboki baina guztiok ohartzen gara guk geuk balio dugun neurriaz. Egunerokotasunean balioa goruntz igotzen da, egunero zerbait berria ikasten dugulako, eta pertsona bezala egun batek balio handia ematen digulako. 
    Baina alderantziz ere gertatu ohi da, zenbaitetan pentsatu duzue zuen balioa hutsa dela? zerbait gaizki egiten dugun bakoitzean gure izateari "zero" aren balio bera ezartzen diogu, hau errealitatean gezurra izanik. Hemendik ateratzen dira askotan autoestimuaren arazoak, baita pentsamendu negatibo eta depresioak ere.
    Marraztu termometro bat, eta jar itzazu bertan lehenengo hamar zenbakiak, margotu termometro osoa, eta jakin hori dela zuk duzun balioa. Batetik hamarrerako balioak baleude hamarra izango zenuke. Hau horrela ez bada zure ingurukoek balio hori jaitsi dizutelako izango da, ez utzi zure termometroari beherakadarik izaten, errespeta dezatela bakoitza honi baliorik jaitsi gabe, eta ohartarazi zaitzatela zuk duzun balioaz hau zapaldu gabe. Zure balioa errespetatzen ez duten horiek, zure balioa baxuago ikusten duten horiek, zure balioaz ohartzen ez diren horiek, zure balioa zapaltzen duten horiek ez dute zure irririk merezi. EGIN IRRI zuk BALIO DUZULAKO!

      
DENBORA
    Denbora da bizitza honetan mugak finkatzen dizkiguna. Denbora da guztiok itxaroteko erabiltzen duguna. Denbora da errealitatea bizitzeko behar duguna. 
    Zenbait denbora itxaron behar dut? zein ordutan joango naiz? denbora asko igaroko duzu horretan? zenbait denbora behar duzu honetarako? edota zein ordutan geratuko gara?
    Momentu triste eta okerrenetan motel doan eta momentu onenetan hegan doana, gauzak bere onera itzultzeko beharrezkoa dena, gure helburuak lortzeko derrigorrez hartu behar dena eta zerbait baldintzatzen duenean pazientziaz hartu behar dena.
    Denborak aldatuko dizkigu helmugak, denborak argituko ditu sentimenduak, denborak erakutsiko dizkigu alboan behar ditugunak, denborak lagunduko digu gure desioak betetzen, denbora izango da esperientzia emango diguna, denborak konponduko ditu arazoak eta denbora izango da bakoitza bere lekuan jartzen duena.
    Denbora hartu behar dugu nahi dugun hori lortzeko edota barruan sortzen zaizkigun ekaitzei aurre egiteko. Utzi denborari bereak egiten, zuk bitartean EGIN IRRI lasai! 



ITXAROPENA
    Bizitza modu hobe batean ikustera eta bizitzera bultzatzen gaituen zirrara. Azkena galdu beharreko sentimendua, eta lehenengo izan beharrekoa aldi berean. Sentimendu eta usteak bizirik mantentzen dituena. 
    Askotan itxaropena galduta gaudela esaten dugu, baina ez da guztiz egia izaten, zorionez gure barnean beti egongo delako itxaropena izatera bultzatzen gaituen puntu txiki hori. Konsziente izanda edo gabe, bizitzeko itxaropenarekin bizi gara; ongi bizitzekoarekin, alai izatekoarekin, eta hau da bizitzan zoriontsu izatera bultzatzen gaituena. Itxaropenik gabe ez baitago ilusiorik, eta ilusiorik gabe ez dagoelako irririk.
    Itxaropena da gure barruan zirrara sentimendua eragiten duena, momentu zailetan aurpegiko irria sortzen duena, barruko nahia adierazten duena eta gure nahia egi bihurtzera eramaten gaituena. Itxaropen gabe ez genuke saiakerarik egingo, ez ginateke ausartak izango, ez genuke borrokatuko eta garrantzitsuena, ez genuke irabaziko. 
    Zuen nahia errealitate bihurtzeko ITXAROPENAK bultzatutako indarrak IRRI BAT MARRAZTU DEZALA zuen aurpegian, hau errealitate bihurtzen dela ikustean! 
    Itxaropentsu IRRI EGITEAK indartsu bilakatzen gaituelako! 



ESKUAK
    Gaur egun edozer egitera ahalbideratzen digun gorputzaren zati garrantzitsua. Idazteko, zerbait hartzeko, norbait markatzeko, ohar garrantzitsuren bat idazteko, kilimak egiteko, gertutasuna adierazteko edota laguntza emateko erabiltzen duguna. 
    Zenbait denbora da gertutasuna adierazi nahi diozun horri eskua eman ez diozula? zenbait denbora da eskua paperean zein teknologietan idazteko bakarrik erabiltzen duzula? zenbait denbora da zure sentimendua eskuekin adierazi ez duzula? ahaztu ahal dituzu inoiz haur zinenean zenbatzerakoan begiak estaltzeko erabiltzen zenituen eskuak? zenbait denbora igaro da zure eskuak fisikoki laguntza eskaintzeko eman ez dituzula? eta noiztik ahaztu duzu eskuak beste esku batekiko duen beharra? 
    Gaur nire eskua idazten ez dakien horri laguntza emateko eskaintzen dut, nire eskuekin egingo diot kilimak barre egin nahi duen horri, nire eskua ematen diot bakarrik dagoen horri, nire eskua eskaintzen diot norbait eusteko beharra duenari, negarrez dagoenari nire eskuekin lehortuko dizkiot malkoak eta nire eskuak maite ditudanen eskuekin lotzen ditut.
    Eskuak eskuen aurka, eskuak elkarren artean lotuta, eskuak indarra eskaintzeko, eskuak laztantzeko, eskuak maitasuna adierazteko, eskuak lotura ezartzeko eta ESKUAK IRRI EGITEKO! 
    

TRISTURA
    Negarra eragiten digun emozioa. Bakardadeak, ezintasunak, norbait galtzeak, gaizki jokatzeak, haserretzeak, barruko korapiloak sortzen diguna. Ohetik altsatu nahi ez dugun eguna, bizitza kolore ilunez ikusten duguna, besarkada bat behar duguna, bakarrik egon nahi duguna eta negarrarekin gure barrua hustu nahi duguna. 
    Egin negar lasai, askotan triste egoteak emozio txarrak trasmititzen dizkigun arren, pertsonak izanda bizi beharreko emozio bat gehiago besterik ez da. Triste gaudenean dena beltz, dena negatiboki ikusten dugu gure sentimendu guztiak kapa beltz batez estaltzen ditugulako, eta honela gure tristura hau haunditzen dugu.
    Triste edo negatibo jaikitzen garen egunetan negar egin behar da, sentimendu eta emozioak linealak eta jarraiak ez direlako, eta gure barruko min guztiek malkoen bidez kanporatu nahi dutelako. Tristura hau botatzean argi txiki bat ikusiko duzu, hau askotan gehien maite zaituztenek emandako besarkadarekin ikusten dugu, ez dagoelako triste gaudenean jasotzen ditugun besarkadak baina hobeagorik. Argi hau ikustean ez zaitez zure izatean eta tristuran itxi, saia zaitez argi hori jarraitzen, honek barruko korapiloa pixkanaka askatzen lagunduko dizu, zure tristurari IRRI EGITERA IRITSI ARTE ! 



DUDAK
   Zenbait aldiz galdetzen ote diogu geure buruari, besteak beste; ia ongi jokatzen ari garen, ia bide zuzena hartzen ari garen edo albokoak ongi zaintzen ditugun. Zenbait duda inork erantzuna aurkitu ez dion galderen inguruan eta zenbait duda gure begiak ireki edo isten ditugun momentuan. Zenbait galdera egiten ditugun egunean zehar eta zenbait geratzen diren bidean, zenbait erantzun nahi ditugun eta benetan zenbait behar ditugun.
    Bai edo ez? Gaur edo bihar? Txuria edo beltza? Zu edo ni? Zer? Hotza edo beroa? Nola? Nahi dut edo ez dut nahi? Behar dut edo ez? Zergaitik? Orain edo gero? Noiz? Zabala edo estua? Ongi edo gaizki? Irri edo negar?
    Galdera guztien erantzuna nahi dugu, behar dugu. Baina zein da erantzun zuzena? Bakoitzak berea aurkitu behar du aukera guztiak probatuz. Zuretzat baietza izan liteke eta niretzat ezetza, niretzat gaur izan liteke eta zuretzat bihar, batentzat beltza izan liteke eta bestearentzat txuria, baina bakoitzak bere bizipen, sentimendu, desio, gustu edota momentuko nahien araberakoa aurkitu behar du. Ongi edo gaizki ari zaren? hori zuk zeuk ikusi behar duzu. Ez beldurtu, beti izango ditugu dudak eta galderak geure buruan, baina erantzunik ez diegu aurkituko guk bilatzen ez baditugu. 
    Ez behartu zeuen burua erantzunak aurkitzera, denbora baita galderei erantzuna aurkitzeko giltza onena. Gaurkoan denborak beharrean nik lagunduko dizuet galdera bati erantzuna aurkitzen, nola jokatu egunerokoak sortzen dizkigun duda guztien aurrean? EGIN IRRI gure buruan SORTZEN ZAIZKIGUN DUDA GUZTIEI! 


    
MALKOAK
   Sentimenduen islada bezala hartzen ditugu malkoak, gure barrua askatzeko duten balioaz ohartu gabe, hauek isurtzea gizakion beharra delaz jabetu gabe. 
    Askotan nahikoa izaten da gertakari batek gure barruan emozioak sortzea hauek begietatik beherako ibilbidea egiteko. Beste batzuetan maite ditugunek min egitean ateratzen zaizkigu, edo hauekin haserretzean, guk akatsen bat egitean, maite dugunari min ematean edota gu geu zoriontsu sentitzean, barru barruko poza askatzean.
    Malkoak negarra dira. Negarrez ari dena triste dago giztarte honetan. Ustekabean urduri jartzen gara eta laguntza eskaintzen diogu negarrez ari denari, bere malkoak justifikatzeko hitzak eskatuz. 
    Malko guztiak isuri arte ez dago barne lasaitasunik, ez dago barne askatasunik eta ez dago barne zoriontsurik. Malkoak isurtzean gure gorputzak barruan ditugun kezka, arazo eta minak botatzen ditu, baita gure poz eta emozioak azaldu ere. Ez dezagun malkoa gauza illuntzat hartu, gizakiok gure sentimentuak askatzeko modu egokiena delako. Ahaztu egiten al zaigu parrez lehertzean ateratzen diren malkoen sentsazio paregabea? Ez zara indartsuago malko tristeak barrutik ateratzean? 
    Malkoek bizitzen, sentitzen eta maitatzen erakutsi digute, eta MALKO ARTEAN ageri den IRRIA baina politagorik ez dagoelako, gaurkoan irriz beteriko malkoak guztiontzat! 



AMETSAK
    Amesten, ametsak egiten, irudikatzen, sortzen, ilusioa pizten zaigu amesten dugun une bakoitzean. Ametsak egiten ditugu, egin nahai dugun horrekin, sentitu nahai dugun emozioarekin, leku zoragarri horrekin, barruan ezkutatuta daukagun beldurrarekin, betitik beldurra diogun zerbaitekin, gauza irrealekin, errealitate nahastuarekin, errealitate ez-errealarekin, gure kezka eta ilusioekin...
    Errealitatea bizitzeko beste era bat. Ohean sartu eta gure beldur kontziente eta inkontzienteekin sufritzeko beste era bat. Gure nahi eta desio ezkutuak bizitzeko beste era bat.
    Nahiko nuke amets gaiztoek beldur guztiak uxatuko balituzkete, amets gaiztoek errealitateaz gozatzera bultzatzea desio dut, amets onekin momentua bizitzea espero dut eta amets bikainak errealitate bihurtzea.
    Zeren zain zaude? egin dezakezu, errealitatera ekarri itzazu ametsak, egin ezazu amets horietako bizipenak sorraraziko dizkizun zerbait, bihur ezazu errealitate ametsa. Saiatzen ez denak ez du irabazteko aukerarik izango.
    Ametsak sentimenduekin bortizki lotuak egoten dira, bai geurekiko eta bai besteenganako sentimenduekin ere, beraz, ametsa errealitate bihur dadin, egin sentimenduak piztea ahalbideratuko dizun zerbait, edo egin ezazu sentimenduak piztuko dizkizun hori zuzenean! 
    Ametsak errealitate bilakatzen dituen bizitzaren alde borrokatu ezazu, hartu burkoa eta astindu ametsak errealitatera eror daitezen, hartu gogoz ametsak eta zure bizitzaren zati egin itzazu, zure errealitatea zure esku dagoelako! Apain ezazu errealitate ilun hau koloretako ametsekin! EGIN IRRI AMETSEI!


AZTERKETAK
    Azterketetan izaten duguna: estresa. Hau norberaren barruan sortzen den korapiloa da, lasai egoten eta jokatzen uzten ez digun hori. Urduritasuna sortzen diguna eta honekin sufriarazten gaituena. Gauzak azkar egitera bultzatzen gaituena, ahal bada ongi, baina askotan barruko korapilo horrek ez digu ongi eta lasai egiten uzten. Larritasun honekin presaka egiten ditugu gauzak, buruan pentsamendu negatiboa izaten dugu, eta ongi eta lasai egingo genituzkeen gauzak gaizki eta azkar egitera bultzatzen gaitu.
    Azterketetan gaude dagoenerako, agian azterketa batzuk eginda dituzu, ongi edo gaizki, ikasita edo ikasi gabe, dudak izanda edo argi edukita... honegatik pentsatu dut aproposa dela honen inguruan idaztea.
    Irakurlea laguntzea da gaurko nire helburua. Denbora zeurea da, hartu harnasa lasai, eta askatu barruan duzun korapiloa, kendu pentsamendu negatibo horiek. Zertarako izan pentsamendu negatiboak, positiboak izan baditzakezu? Gauzak lasai hartu, lortuko duzu. Gauzak lasai eta ongi eginda zerk eramango zaitu azterketa gaizki egitera? Azterketarako dituzun urduritasunak kontrolatu, urduri ez jartzea ia ezinezkoa da, baina ez utzi urduritasunei zure jokabideak maneiatzen. Zu zeu zara zure burua eta zure jakintzen jabe. Azterketaren aurrean zaudenean pentsatu, jarrera positibo bat hartu, ahal duzun neurrian urduritasunak kendu, pentsamendu positiboak izan, hartu boligrafoa eta erakutsi benetan ongi egin dezakezun hori, egin IRRI ESTRESARI! 
ZORTE ON!


ZURI
    Egunero irakurtzen didan horri, bai, zuri! Nire hitz hauek gogotsu irakurtzen dituzun horri, ulertzen didazunari, hitz hauek eskaintzen dizkizut. 
    Egunero irakurtzeaz gain egunero entzuten didazulako, egunero entzuteaz gain nire hitzak ulertzen dituzulako, nire hitzak ulertzeaz gain barre eragiten didazulako, barre eragiteaz gain malkoak lehortzen dizkidazulako eta malkoak lehortzeaz gain maite nauzulako. 
    Gaurkoan eskerrak eman nahi dizkizut, niganako interesa erakusten duzulako, ongi sentiarazten nauzulako, beti nire alboan egoteko prest zaudelako eta eskerrak askotan ematen ez dizkizudalako. 
    Txiki txikitatik batera hasitako bidean jarraitzen dugulako, eta batera jarraituko dugulako. Erori naizenetan lurretik altsatzeko aholkuak emateaz gain, zure eskua eskaini didazulako. 
    Nire bihotz txikian zati handi bat hartzen duzulako. IRRI bat ZURI!! 


    
TXIMELETAK
    Sabeleko tximeletak, nork ez ditu inoiz sentitu hauek gure barruan dantzan? Emozioa, gogoa, poza, urduritasuna, beldurra, jakinmina, desioa... emozio ugari sentitzean gure barruan dantzan jartzen dira tximeleta hauek. 
    Zenbait keinu egin ditugun tximeleta horiek sentitzean, zenbait negar tximeletak sentiarazten ziguten horiek min egitean, zenbait irri tximeleta horiek sentiarazten ziguten horiekin egotean, zenbait aldiz aldatu digute jokabidea tximeleta horiek, urduritasunak eta maitasunak talka egitean... 
    Bizitza honetako plazer bat da tximeleta horiek sentitzearena, egunerokoaren errutina puskatzen duten emozioak direlako. 
    Aspaldian ez ditut sentitu, eta zuk? 
    Irri egite hori natural ateratzen zaigun momentu zoragarria da tximeletena, berriz sentitu nahi ditut, berriz EGIN nahi dut IRRI TXIMELETEI esker! 


BIDEGURUTZEA
     Bidean aurrera zoaz, orain arte hainbat oztopo gainditu behar izan dituzun arren. Bide hasieran pertsona ugari izan dituzu alboan, baina bidean aurrera joan ahala asko bidean gelditu dira, beste hainbat bidean zehar inguratu zaizkizu, eta gehien maite zaituztenak oraindik zurekin jarraitzen dute. Aurrera zoaz ba maite dituzun eta zaituzten hoiekin, eta bidegurutze batekin egin duzu topo, bertan, bi seinale aurkitu dituzu, batean "komeni zaizuna" jartzen du, eta bestean berriz "nahi duzuna". Hemen hasten da sentimentuen talka. Maite zaituzten gehienek komeni zaizun horretara joatera bultzatuko zaituzte, eta beste batzuk nahi duzun horretara. Nora joango zinateke? 
    Nire erantzuna: Horrelako bidegurutze askorekin aurkituko gara bizitzan zehar, eta hartu beharko ditugun erabakiak adinean aurrera goazen heinean geroz eta zailagoak izango dira. Askotan ingurukoek guretzako onena dela pentsatuz "komeni zaigun" horretara bultzatuko gaituzte; hau komeni zaiguna izan, baina bide horretan gustura biziko garen jakin gabe. Nire iritziz ordea, hobea da "nahi duzun" horretara joatea, zure sentimentuek horretara bideratzen zaituztelako, eta ingurukoak zeure lekuan jarriz gero, nahi duzun hori egitera bultzatuko zaituztelako. Gainera, nahi duzun horretan ez du jartzen komeni zaizuna izango ote den edo ez, eta bidea zure gustukoa bada, bideko oztopoak gainditzea errazagoa izango zaizunaz gain, bertako alderdi onek zoriontsuago bilakatuko zaituzte.
    Momentu guztietan egin kasu zure sentimenduei, jokatu hauen arabera. Egin kasu nahi duzun horri, maitatu gustuko duzuna, zure gustuak zuk bideratu, eta zure bidea zuk aukeratu! 
    Egin IRRI NAHI DUZUN HORRI! 


    
URTE BERRIA
    Urte berriari hasiera eman diogu gaurkoan, eta urtea indarrez hartzeko nire aholku propioak botatzen ditut gaurkoan. Laburki azalduko ditut, askotan esaldi labur eta zehatzak direlako gehien eskertzen ditugunak, gehien laguntzen digutenak direlako. Pentsatu aholku bakoitzaren inguruan, eta betetzen ez dituzuen aholku horiek betetzen saiatu!
    Momentu onak disfrutatu, askotan momentu onetan ere ez garelako bizitzen ari garenaz ohartzen. Haserretzean barkamena eskatu, zeure jarrera besteen lekutik ikusiz. Barkatu, perfektuak ez garelako. Lurrera erortzean altsatu, horrela indartsuago izango zarelako. Negar malkoei alde ona bilatu, dena zuri edo beltz ikusi gabe. Momentu txarrez ikasi, bizitzak oztopo ugari jarriko dizkigulako.  Laguntzen gaituztenak maitatu, hauek gabe galduta sentituko ginatekeelako. Alboan ditugunak eskertu, hauei esker lurretik altsatzen garelako. Zu zeu maitatu, zarena zarelako. Aurrera begiratu, bizitza gelditzen ez delako. Iraganaz ikasitakoarekin bizi, gure bizitzako istorioaren parte direlako. Ohetik irri batekin altsatu, zoriontsu eta indartsuago biziko zarelako. Gertakizunei alde ona bilatu, bizitzako gertakizunak direlako. Beldurrei aurre egin, bizitzen uzten ez digutelako. Lagundu albokoei, maite ditugulako. Lotsa kendu, momentua topera aprobetxatu ahal izateko. Arazoei aurpegia eman, bizkarra ematearekin arazoa desagertzen ez delako. Bizitzen ikasi, bizitzeko aukera behin bakarrik dugulako. Sentitzen eta pentsatzen duzuna adierazi, ingurukoek eskertu eta zu zeu zoriontsu egingo zaituelako.
    Egin IRRI 2014 ari, urte bikaina izango delako! 




URTE ZAHAR EGUNA
    Iritsi da urte honetako azken eguna, azken arratsaldea, azken gaua. Ziur nago urte honek; irri, negar, hutsegite, gaizki ulertu, haserre, momentu on, momentu txar, bakardade, lagun, ezezagun, esperientzia... ugari ekarri dizkizula, eta guztiek zerbait ikasteko balio izan dizutela.
    Urte honetan egin ditugun irriek ongi sentiarazi gaituzte, bota ditugun malkoek gure barrua lasaitzen lagundu digute, izandako eta jasotako hutsegiteek aurrera begiratzen irakatsi digute, gaizki ulertuek gehiago pentsatzen erakutsi digute, haserreek pertsona hobeak izaten erakutsi digute, momentu onek zoriontasuna ekarri digute, momentu txarrek lagun onak gerturatu dizkigute, bakardadeak maite ditugunen hutsunea erakutsi digute, lagunek hainbat gauza irakatsi dizkigute, baita ezezagunek ere, baina urte guzti honetako esperientziek bizitzaz erakutsi digute. Esperientzia hauen bitartez joan garelako pausoz-pauso, egunez-egun gure albokoak gehiago ezagutzen, maitatzen, eskertzen... biziak jartzen dizkigun oztopoez jabetzen eta baita hauei aurre egiten ikasten ere.
    Urte zaharrari agur bat emateko ekarri burura izandako esperientzia onak eta baita txarrak ere. Onak barruan gorde itzazu, baita txarrak ere. Esperientzia onez gozatzen ikastea bezain garrantzitsua delako esperientzia txarrez ikastea.
    Orain atzera begiratzeko unea da, gaur urteko azken eguna izanik, agurtu urte honek ekarri dizkizun momentu guztiak, eman eskerrak urte honetan zurekin egon diren hoiei eta egin IRRI 2013 ari! 


BABESA
    Mendian izan naiz, haizeak gogor jotzen zuen gaur, eta inoren babesik gabe egongo banitz agian gehiago kostatuko litzaidake pausoz pauso, gorputzari tinko eutsi eta behera jaistea. Momentu honetan pentsatu dut, "zein beharrezkoa zaigun babesa", eta ementxe ari naiz babesaren inguruan idazten.
    Babesa uneoro sentitu nahi dugun sentimentua da, berotasuna, gertutasuna transmititzen diguna. Maite ditugunak babestean ongi sentitzen gara, eta zer esanik ez maite gaituztenak babesten gaituztenean. 
    Negarrez gaudenean jasotzen ditugun besarkadak, beldurra dugunean entzuten ditugun lasaitasun hitzak, hozturik gaudenean ematen dizkiguten berotasun besarkadak, barrez gaudenean gure albokoak egiten digun irria, pozik gaudenean gertukoek jartzen duten alaitasun aurpegia, erori beharrean gaudenean eskaintzen diguten eskua. Keinu hauek guztiak, maitasun keinuak badira ere, babesa esleitzen diguten keinuak dira, behar-beharrezko ditugunak. 
    Zer izango litzateke bizi hau inork sekula inor babestuko ez balu? Jendea lurrean egongo litzateke, inork bere garaian eskua eman ez ziolako. Beste hainbat beldurrez biziko lirateke, beldurra uxatzeko besarkadarik inoiz jaso gabe izango zituztelako. Barrez lehertzen zeuden hoiek isilik geratuko lirateke, inork euren barrea babestu ez zuelako. Guztiok triste egongo ginateke, azken finean maite gaituzten edo ditugunaren seinale delako babestea. 
    Urte berriaren atarian gaudelarik, gauza bat eskatzen dut. Babes besarkada bat nahi dut negarrez dagoenarentzat, babes muxu bat nahi dut triste dagoenarentzat, babes sorbalda bat nahi dut nekea duenarentzat, babes esku bat nahi dut erortzeko beldur denarentzat, babes hitz bat nahi dut beldur denarentzat, babes etxe bat nahi dut gose denarentzat, babes lagun bat nahi dut bakarrik dagoenarentzat eta babes irri bat nahi dut triste, pozik, beldurtuta, lotsatuta... dagoen ororentzat! BABES IRRI BAT ZURI ;)
    Egin IRRI BABESTEN ZAITUENARI!! 



    
GU GEU MAITATZEA
   Maite dut. Maite zaitut. Maite ditut. Maite zaituztet. Maite nauzu. Maite zintuztedan. Maite ninduzun. Maite zintudan, eta maite naiz? maite al dugu geure burua?
     Batzuetan bai, inorena baina gehiago, eta ez gara honetaz ohartzen. Baina hau ez da nire kontua, bakoitza heldutxoa da jada berea noiz besteen gainetik eta noiz besteen atzetik jarri behar duen jakiteko. 
    Besteetan ez ordea, eta gaur egun egoera honetan dagoen jendetza sinestezina da, guztia itxuran zentratzen delako; gu fisikoak ezkutatzen duen pertsona, izateko era ... garela ahaztuz. Begiratu, sentitu, ukitu, entzun, dastatu, transmititu, izan... gu geu gara hau egiten dutenak. 
    Zu zeu ez bazara maitatzen, zuk zeuk zeure izatea eta zeure itxura maitatzen ez badituzu, nork maitatuko ditu? Nork zainduko du zeure burua zuk zeuk baina hobeto? Nork errespetatuko du zure gorputza, zure ideiak zuk baino hobeto? Nork ezagutzen zaitu zuk zeuk baino gehiago? Nork onartuko ditu zure ideiak zuk onartzen ez badituzu? Nork maitatzen zaitu zuk zeuk baina gehiago? Nork egingo du irri zurekin zuk zeure buruaz egiten ez baduzu? Nork egingo du hau guztia zuk egiten ez baduzu?
    Ispiluaren aurrean jarri. Begiratu zarena, hanketatik hasi eta burura iritsi arte. Zerk beldurtzen zaitu? Zerk lotsatzen? Ez al zara zu zeu ispiluko islan agertzen dena? Zarenaz lotsatu behar duzu? Bizitzeko eta garena izateko jaio gara, gu geu ez bagara izaten zein izango gara? Bizitza beste bat izaten pasatu behar dugu?
    Zaindu zaitez, errespetatu zeurea, sentitu ezazu, izan zaitez, pentsatu ezazu, zure ideiak sortu. Maitatu zaitez. Egin IRRI ZURE AKATSEI, HUTSEGITEEI. Maita zaitez zu zeu zarelako. 
Maite bazaituzte zarena izateagatik izan dadila! 




LOTSA
   Zer da lotsagabe izatea? lotsarik ez izatea? Ni hortaz lotsagabea naiz. 
     Jendeak jada ez daki lotsagabe eta lotsarik ez izatea bereizi daitezkeela. Ni ez naiz lotsatzen jendea agurtzean, ez naiz lotsatzen trago bat eskatzean, ez naiz lotsatzen nire erabakiak hartzean, ez naiz lotsatzen momentuan sentitzen dudana esatean, ez naiz lotsatzen idaztean, ez naiz lotsatzen erortzean, ez naiz lotsatzen behin eta berriz akats bera egitean, ez naiz lotsatzen maitatzean... baina egia da, gaur egun mundua lotsaz josita dago. Kalera atera eta lotsa nabari da, lotsarazi egiten gaituzte. Lotsa dugu. Lotsa garen bezelakoak izateko, lotsa gure sentimenduak adierazteko, lotsa birritan galdera berdina egiteko, lotsa sentitzen dugun bezala jokatzeko...
    Noiz hartu genuen haurrak ginenean lotsatzeko ez genuen beldur hori? Ez al ginen ba zoriontsu lotsarik gabe bizitzen, sentitzen? Ni bai behintzat, horregatik lotsa lagun hartuko dut behar denean alboan izateko, baina etxean utzita aterako naiz bizitza honetako hainbat aukera ez galtzeko. Ez al zaizu iruditzen lotsak muga batzuk gainditzea ekiditen digula? 
    Gizakiok horrenbeste bilatzen dugun zoriontasun hori, lotsak gaindituta lortzen da. Izan zaitez zu, jokatu zaren moduan, egin negar lotsa gabe, esan sentitzen duzuna eta izan sentitzen zarena lotsak albo batera utziz. Lotsatu? egin IRRI LOTSEI !



BELDURRA
    Bizi, hori egin behar dugu, eta horretarako gure beldur guztiak gainditzea beharrezkoa zaigu. Izan ere beldurrez bizi bagara, ez gara bizitzen ari. Hauek ezin ditugu gainditu aurre egiten ez badiegu. Kikildu egiten gara, baina bizitzako momentuez gozatzea ekiditen digute beldur guzti hauek. Beldurtu zertarako? Ez al dugu ba aukera bakarra bizitza hau gozatzeko? Aukerarik galdu nahi ez badugu, alde batera utzi behar ditugu gure beldur guztiak. 
    Ez al genuen lurrera erortzeko beldurrik oinez hasi ginenean? Baina hala ere gure ingurukoen laguntzaz oinez ikasi eta lurrera erortzeko beldur hori atzean utzi genuen. Beldur hau bezala beste guztiak gainditzeko ere, maite gaituztenak alboan ditugu, eta ezin dugu zalantzatu hauen laguntzaz denak gainditzea lortuko dugunik. 
    Beldurrak oztopoak dira, lotxak, gaizki pasatzera bultzatzen gaituzten sentimenduak, mugak. Bizi nahi badugu, beldur gabe izan dadila. 

    Beldurrak garaitzeko aurre egin behar zaie hauei, gaur ez bada bihar. Beraz, zeren zain zaude beldurren aurrean zure ausardia erakusteko?
    Altxa ohetik eta egin IRRI BELDURREI!!


EGUBERRIA
       Eguberria ere iritsi zaigu, konturatzerako edo asko itxaron ondoren. Gaurkoa eguraldiak laguntzen ez badigu ere, egun ederra da. 
    Eguberri eguna maite dituzuenekin eta maite zaituztenekin igarotzea opa dizuet, egun hau egun zoragarri bat izatea espero dut, eta zuen barruko poz eta irri guztiak ateratzea; bai lagun eta baita familiarekin ere. 
    Olentzero ere menditik behera etorriko da jada, bere opariak hartuta. Bihar goizean esnatzean, opari ederrak jasoko dituzuela espero dut, inoiz ahaztu gabe opari ederrena maite dituzunen irri edo besarkada bat izan daitekeela, gure zoriontasuna soilik gauza materialetan oinarritu ez dadin.  
    Bihar jaikitzean gure oinetakoaren alboan dauden opari materialek zoriontsu egiten bagaituzte ere, ez ahaztu zoriontasun hori nork eman digun, eta hau eskertzeko... egin iezaiezu IRRI MAITE DITUZUNEI!!
    EGUBERRI ON !







    


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina