Errealitatea eta ametsen arteko lotura estua. Bizitzean ametsak errealitate bihurtzen direnaren sentsazio paregabea. Aske sentitzen garen ametsa, aske sentiarazten gaituena. Amets egitearen errealitatea, errealitatea ametsez betetzearen ametsa, ametsa errealitate bihurtzearen desioa. Ametsak lortzen diren errealitatea, errealitate amestuaren irudia. Ametsak errealitate bihurtzea ezinezkoa zaigun errealitatea, lortu ezinezko errealitate amestua, errealitate amestua lortu ez izanaren etsipena. Ametsen bidez errealitate ilunari kolorea eman nahia. Errealitatea ametsa denaren sentsazioa, ametsa edo errealitatea den ez desberdintzea.
Errealitatea soka bat izango balitz, ametsen korapilo indartsuz beterik legoke, bakoitzak bere beldur eta desioz lotutako korapiloak izango lituzkeelarik. Bakoitza bere errealitateko ametsen jabe da, norbere nahi eta beldurrak ezagutzen ditugun unetik hauek geure errealitateko sokan sortzen goazelako. Egiozu aurre errealitate bihurtu ez zaizun amets horri, borroka ezazu errealitate bihurtzea nahi duzun amets horrengatik, emaiozu kolorea errealitateari amestuz, saia zaitez ametsetako errealitatea lortzen, amets egin ezazu zure errealitatetik. Desegin korapiloak, askatu nahiak, beldurrak! egiozu irri amesten den errealitateari, egiozu irri errealitateko ametsari!
GAUR
Gaur geroak hartzen duen garrantziaz jardungo dut, gaurkoari baina gehiago begiratzen diogulako biharkoari. Gaur bizitzen ari garenaz jabetu gabe biharko egunari ordutegia jartzen pasatzen dugu eguna, etorkizunean egingo ditugun planak egiten ditugu, momentuan nahi izango ditugun jakin gabe.
Ahaztu egin zaigu gaur lagundu digun horri eskerrak ematen, gaur bizitzen ari garenaz jabetzen, momentua bizitzen, azken eguna izango balitz bezala disfrutatzen, ongi pasatzen, aprobetxatzen. Gaurkoaz bizi gara, gaur borrokatu behar dugu lortu nahaiekoa lortzeko, gaurkoa bizitzen jakin behar dugu bihar ezin izango dugulako gaurkoa bizi, gaur eman behar diegu erantzuna gure gogoei, gaur egin behar dugu nahi dugun hori.
Gaurkoak agian bihar min egingo digula, baina ez gaitzala honek beldurtu. Agian ez gara gaurkoaz bihar oroituko, baina ez gaitzala honek lotsatu. Geure egunerokoa errutina hutsa dela, baina ez gaitzala honek mugatu. Etorkizunean ere pentsatu behar dela, baina ez gaitzala honek lotu.
Gozatu gaurkoaz, geroa zain izango dugu eta! Egizu irri gaur, merezi du eta!
ZIRRARA
Zirrara bereziak sortzen dizkiguten egunak, geure barruan ditugun gogo eta ilusioek sortzen dizkiguten kilima bereziak, sabeleko korapilo askaezinak sortzen digun urduritasuna eta zirrara hau sortzearen zoriontasuna. Urduritasun pozgarri bat, ilusio berezi batek sortua eta helmuga bat betetzearen nahia.
Guk sortutako bidean guk jarritako helmuga horietara iristen ari garenaren sentsazio ezinhobea, norbere ametsak betetzen ari direnaren sentimendua, emozioa. Bizitzari esperientziaren bidez jakintasuna emango dion zirrara, gogoa.
Bidea aukeratzeko askatasuna, hau jarraitzeko ilusioa eta honen emaitza ikusteko beharra. Bidaiatzeak ekarriko dizkidan bide berriak aurrean, sentimendu huts baina aldi berean betea. Zirrara hau sortzeak, biziko dudan horrek emango didan aberastasuna ekartzen dit burura.
Pentsamendu positiboak, energia bizigarria, egoera desberdinak, bizipen berriak, sentimendu nahasiak, ilusio izugarriak, sabeleko zirrara bereziak. Horrelako egunetan zoriontsu naizelako eta ilusioak sortutako zirrarak eraginda musuan irria ateratzen zaidalako!
EMOZIOAK
Ta badaudelako egun argiak, egun tristeak, egun alaiak, egun aztoratuak... egun bakoitzak bere xarma duelako eta egun bakoitzak bere lezioa ematen duelako. Egun batetik bestera geure bizitza eraikiz doa, geure bideak sortuz eta geure nortasuna osatuz. Egunetik egunera geure bizitza eraikitzeko behar dugun aldamioaren indarra gehien maite ditugun hoiei esker dugulako. Geure oinak bide zuzenera bideratzen dituzten hoiengatik, bidegurutze guztietan ematen diguten laguntza bikainagatik, eta geure alboan bide berriak sortzeko prest daudenengatik. Nortasuna puzzle baten modukoa da, bizitako egunen eta sortutako bide berrien arabera pieza bakoitza bere lekuan kokatzen doalarik. Ez dugu egunero pieza bat gehitzen, soilik ikasten dugun egun hoietan. Bakoitzak bere puzzlea sortzen du, bere gustuko jokabideak hartuz eta besteak baztertuz, baina puzzle guztiak desberdinak izanda ere, geurea ulertzen eta errespetatzen duten hoiengatik, emozioz beteriko egun batean. Mila esker!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina