Gizartearen edo geure izatearen esklabu?
"Indibidualista hutsa da eta honek lehiakor
bilakatzen du. Ez du gure gizarteak ezartzen duen estereotipoa jarraitzen ez
duen inorekin harremanik izan nahi; izan ere, berak gure gizarteak ezarritako
moda jarraitzen du, kontsumista hutsa da. Zoriontasuna material fisikoekin
lortzen saiatzen da, sentimenduak materialetan oinarrituz. Diru ugari du, baina
ez dio gehien behar duenari zentimorik ematen. Etxera iristean bere emaztea
jipoitzen du." Zer iruditzen? XXI.mendeko gizarteko pertsona baten
deskribapena izan liteke, baina axola al digu honek? Ez dut uste, gu ez baikara
honelakoak.
Ez dakit ohartzen garen, baina gu geu gara gizarte
hau sortu dutenak, eta gizarteak gure izatea finkatzen duela esaten dugu
gizartea sortu dugunak gu geu garela ohartu gabe. Gu joan gara gaiztotzen,
indibidualista hutsak bihurtzen, eta geurearen gainetik geurea jartzen. Ni, ni
eta ni.
Egia da, pertsonak gara, eta gainontzekoak maitatu
baino lehenago geure burua maitatu behar omen dugu. Baina ez al dugu geure
burua gehiegi maitatzen? Besteen aurretik geurea jartzen dugu, eta eskatzen
dizkiguten mesedeak egitea izugarrizko lana iruditzen zaigu. Izan ere, guk
nahiko lan dugu geure arazoekin, geure egunerokoa zailtzen dizkiguten milaka
buruhauste ditugulako. Hori bai, guk laguntza behar dugunean ez zaigu gustatzen
ingurukoek bizkarra ematea, laguntza behar dugu eta eman behar digute.
Jasotzeko eman egin behar omen da.
Hau bai eta hau ez. Gizarteak ezartzen duen pertsona
"normala"ren estereotipotik at dagoen hori ez zaigu gustatzen eta ez
dugu onartzen, artaldeko ardi beltzaren papera jartzen diogu. Ohartu gabe,
jende berria ezagutzen dugunean, hauen nortasuna ezagutu aurretik itxuraren
arabera sailkapen bat egiten dugu; "honek beldurra ematen du", "
hau harro hutsa da" edota "hau arraroa da, ez da gure
estilokoa". Zertan oinarritzen gara
hau esaterako orduan? Bakoitzaren itxuraren arabera geure gizartean etiketak
jartzen ditugu, baina gizarteak ez digu hau egiteko pautarik eman; honela, estereotipotik
kanpo dagoena besteengandik bereizten dugu. Edo ez duzu sekula inor bere
itxuragatik epaitu? Ezagutu aurretik epaitzea dentistarengana hortzak garbitu
gabe joatea bezalakoa omen da.
Behar dugu, bai hau eta baita bestea ere. Kontsumista
hutsak gara, orain arte ez geneukan eta behar ez genuen hori behar dugu beti.
Baita ondo etorriko litzaiguken, edo badaezpada beharko genukeena ere. Kalera
atera eta kontsumitu eskutik emanda doaz. Kalera ateratzean ez dago besterik;
aurrera, atzera, alde batera edo bestera begiratuta ere kontsumoan oinarritutako
munduan bizi garela ikusi dezakegu, honetara bultzatzen gaituzten lekuak daude
nonahi. Dirua munduaren jabe da, baita geure buruaren jabe ere. Baina zer egin
orain? Gizakia izan da paper eta txanpon honen asmatzailea, hauei munduaren
boterea ezarri diena pertsonen gainetik jarriz, eta baita hau banatzean denen
artean berdin banatu ez zuena ere. Eta orain, dirua dagoen lekuan, gainontzekoa
soberan.
Zoriontasuna bilatzea da gure nahia, hau da gure
bizitzako helburu nagusia. Geure helmuga guztietara iritsiz barnean zoriontsu
sentitzea. Gaur egun, zoriontsu egiteko gauza materialetan oinarritzen gara,
eta zoriontasuna guk daukaguna baino berriagoa den produktua ateratzean
iraungitzen da. Lotsagarria. Geure urtebetetzea iristean, ematen dizkiguten
besarkada eta muxuen ostean opari bat espero dugu, eta ez ditugu sentimenduzko
keinuak aintzat hartzen, ez gara hauekin asetzen. Diruz erositako opari bat
behar dugu geure nahiak asetzeko, nahiz eta eguna maite ditugunekin igaro.
Zertan bilakatu gara? Gizakiaren aurretik materiala jartzen dugu, eta maite
ditugunak ez ditugu aintzat hartzen hurruntzen diren arte. Maite ditugunak
zaindu egin behar omen dira.
Bestalde, azken urteotan emakumeen aurkako
indarkeriaren maila jaitsi, eta berdintasunera hurbiltzeko ahalegin ugari egin
badira ere, gure gizartean oraindik matxismoaren aztarnak bizirik diraute.
Iragarkiak ikustean ez al zarete ohartu
oraindik ere emakumeak hartzen dituela edertasunaren, etxearen, maitasunaren
eta amaren rolak? Zergaitik ez da gizonezkoa garbigailuko xaboiaren iragarkia
egiten duena? edo zergaitik ez da autoen iragarkietan emakumea hau gidatzen
duena? Bidegabekeria hutsa. Lotsa eman beharko liguke orain dela ehun urteko
rol berdinekin jarraitzeak. Bestalde, guk sortutako gizarte honek izugarrizko
presioa eragiten die emakumeei, eta geroz eta gehiago dira euren irudi
perfektua lortzeko euren burua gogor hartzen dutenak, batzuk anorexia edo
bulimia izatera heldu arte. Gizartea ez dago ero, gu gara gizarte hau sortzen
duten eroak.
"Artzain tontuak dauden mendian gustura bizi
omen da otsua". Gizartea, gu ohartzerako norbanako berdinak sortzen
ari da; indibidualista hutsak, lehiakorrak, kontsumistak, materialistak eta
sexistak. Guztiok ardiak bezala artzainari jarraitzen ari gara, eta ez gara
ohartzen guztiok batera saiatuz gero artzainaren norabidea alda dezakegula.
Honetarako ordea, bakoitzak berea aldatu behar du, honela aldaketa txikiak
elkartuz haundi bat lor dezakegu. Ez al dugu berdintasunean eta zintzotasunean
oinarritutako gizartea eraiki nahi? Ezin dugu gizartea salatu, gu baikara
jarrera hau jarraitzen dugunak. Pentsatu apur bat, orain arte ez bezala. Ireki
begiak. Gizarte arrotz honetako ardi galdua izaten jarraitu behar al duzu,
otsoaren hortzek harrapatu arte? Zeure esku dago.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina